XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta azkar, hau hilzorian dago eta!

Minutu batzu geroago Fidel kapitaina ekarri zuten eta bere anaia agonian ikusirik biziki hunkitu zen.

Gezurra iruditzen zitzaion portzelanazko figura finaren antzeko anaia hura, gizon bulartsua baino andereño indargea ematen zuena, beti liburu eta paperen artean bizi izan zena, orain hemen aurkitzea, soldaduen uniformetan, burruka zelaian odolustutzen.

- Paul, zure anaia naiz, Fidel! - Fidel! Fidelek maitekiro laztandu zion ilaia.

- Baina zergatik etorri behar zinen gerra madarikatu honetara!- esan zion Fidelek negarra ezin ezkutaturik.

Paulek irribarre tristea eskaini zion.

- Bizitzaz asperturik nengoelako... Eta, zu ere zauriturik ote zaude?

- Ez da gauza handirik. Izterrean tiro bat.

- Baina herrena geratuko zara, eta bizitze guztirako... - Bai, horrela da.

- Eta zeintzu asmo dituzu orain?

- Gerra amaitu arte nonbait gordeko naute.

- Eta, gero? Norekin ezkondu behar duzu?

- Alizerekin uste dut, gure leinuak jarraipen egokia eduki dezan.

- Eta, Milia? Izen hau entzuterakoan Fidel dardaratu egin zen.

- Zergatik galdetzen didazu hori? Fidel harriturik zegoen Miliaren izena Paulen ezpainetatik entzuteaz.